Lau epaitu, iaz erraustegira martxa bat egiteagatik

Desordena publikoak eragitea egozten diete. Epaituei elkartasuna emateko, protestak egingo dituzte

2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
ZUBIETA. Iazko irailean Zubietako erraustegira egindako martxa baten harira, lau pertsona epaituko dituzte desordena publikoak egitea egotzita. Horietako bi Zubietakoak (Gipuzkoa) dira; bat ,Lasarte-Oriakoa (Gipuzkoa), eta bestea, Donostiakoa.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak salatu duenez, Ertzaintzak indarkeria erabili zuen egun hartan, era «baketsuan» protestan ari ziren herritarren aurka. «Erraustegien aurka mundu osoko 900 elkarte biltzen dituen GAIA aliantzak ere Ertzaintzaren bortizkeria salatu zuen», gaineratu dute.

Borrokan jarraitzeko konpromisoa ere hartu dute, indarkeriarik gabe, baina «ereduen talka» eraginez: «Etsita eta etxean nahi gaituzten arren, protestan jarraituko dugu». Epaiketarako zitazioa jaso duten herritarrei elkartasuna adierazteko, mobilizazioak egingo dituzte. Hain zuzen, Gipuzkoako lurralde auzitegiaren aurrean elkartuko dira, abenduaren 4an (11:00etan) eta abenduaren 9an eta urtarrilaren 9an (10:30ean).

Albiste hau Zubietako erraustegian suzko probekin hasi berritan dator. Izan ere, ostegunean hasi ziren lehenengo aldiz zaborra erretzen. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak esan du proba horiek «arrakastatsuak» izan direla. Guztira, bederatzi tona zabor erre dituzte, eta %100ean martxan dagoenean, 200.000 tona hondakin erretzeko gaitasuna izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.