Gernikak irabaziz ekin dio Eurokopako taldekako faseari

82-67 hartu du mendean La Roche Frantziako taldea; bihar herrialde horretako Caroloren aurka jokatuko du

Gernikako jokalariak, atzo, saskiratze bat ospatzen. GERNIKA.
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
SASKIBALOIA. Dotore ekin dio Lointek Gernikak Eurokopako multzokako faseari: aise irabazi zion atzo Frantziako La Roche taldeari (82-67), Valentzian jokatzen ari diren burbuila erako partida sortan. Nahi zuten jokoa egin zuten bizkaitarrek, eta asko asmatu zuten jaurtiketetan. Alor horretan onena Angela Bjorklund izan zen (22 puntu).

Multzoen fase hau laburra da; hiru partida baino ez dira, eta lau talderen artean lehen biak bakarrik sailkatuko dira hurrengo faserako. Halakoetan, funtsezkoa izaten da ondo hastea, eta Gernikak hala egin zuen.

Lehen laurdenean, jokaldiak eta sistemak ondo landu zituen, frantziarren barruko indar fisikoari ihes eginez; alegia, kanpotik jokatuz eta asmatuz. Milika Ivanovic hasi zen saskiratzeak sartzen, eta segida eman zion Bjorklundek. Bosgarren minuturako 11-4 aurretik ziren Mario Lopezenak. Naiara Diezen lana ere adierazgarri izan zen: bi hiruko sartu zituen elkarren segidan. Kontrara, une erraz batzuetan epel ibili zen defentsan Gernika lehen hamar minutuetan. 29-16 aurretik bukatu zuen.

Bigarren laurdenak antzeko bidetik jo zuen. Hamar punturen edo gehiagoren aldeak izan zituzten euskal herritarrek. Frantziarren jokoa trantsizio azkarretan eta berehalako jaurtiketetan oinarritu zen, eta, asmatzen hasi zirenean, kontrako aldea bederatzi puntura jaitsi zuten atsedenaldirako bidean. Defentsan jarri zuten sistema mistoak ere izan zuen eragina azken minutuetan. Gernika baldar ibili zen horren aurka.

Atseden hartu ondorengo minutuetan, bizkaitarrek, kanpotik asmatuz, aldeak handitzea lortu zuten, Laura Corneliusen bi hirukorekin eta Bjorklunden beste batekin. 21 puntu goitik ziren une horretan (65-44). Laurdenaren amaieran, hemezortzi zituzten alde (70-52).

Azkenengoen, La Rochek lortu zuen berea ezartzea, partida iraultzetik oso urrun geratu arren. Bizkaitarrek hamabi puntu baino ez zituzten sartu azkeneko laurdenean. Partida amaieran pozik zen Mario Lopez: « Errebotea zaintzea kostatu zaigu, baina, bestela, bikain aritu gara». Multzoko beste partidan, Carolok 59-77 irabazi zion Teneriferi. Bihar Caroloren aurka jokatu du Gernikak (18:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.