Bizilekutik kanpo egiten dute lan hamar landunetik ia seik

Eustaten arabera, Araba da higikortasunik txikiena duen lurraldea: %70ek euren udalerrian egiten dute lan

2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Lanera joateko autoa, autobusa, trena edo bizikleta hartzea ohikoena da langile gehienentzat. Bai, behintzat, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landunen kasuan; izan ere, Eustaten azken azterketen arabera, pertsona okupatuen %58,6k lan egiten dute bizilekuez duten beste udalerri batean. Guztira, EAEko hamasei urtetik goragoko 531.182 pertsonak egiten dute behar beste udalerri batean.

Interesgarria da lan kontuek eragindako mugikortasunari hainbat ikuspegitatik erreparatzea. Geografiari dagokionez, egunero herriz edo hiriz lekualdatzen diren landunen %52 lurralde bereko beste herri edo hiri batera joaten dira (473.263 pertsona): %4,3 EAEko beste lurralde batera joaten dira (39.408 pertsona); %1,6 beste autonomia erkidego batera (14.736 pertsona); eta %0,4 atzerrira (3.775 pertsona). Ezinezkoa da jakitea zein den euskal lurraldeen arteko benetako mugikortasuna, Eustatek beste autonomia erkidegoen multzoan sartzen baitu Nafarroa, eta atzerriko multzoan, berriz, Ipar Euskal Herria.

Bestalde, emakumeen artean ohikoagoa da bizilekuan bertan behar egitea gizonezkoen artean baino. Emakume okupatuen %45,2k egiten dute lan bizilekuan, eta gizonezkoen %38k.

Lurraldeka, Eustatek Araban erregistratu du lan kontuek eragindako higikortasunik txikiena: hamar pertsona okupatutatik zazpik egiten dute lan bizilekuan bertan. Gipuzkoan, berriz, hamarretik lauk bakarrik egiten dute lan bizilekua, bertan, eta Bizkaian, hamarretik hiruk. Estatistika institutuaren arabera, Gasteizen efektuak eragiten du Araban mugikortasuna hain txikia izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.