'Finucane kasua' ireki du Europako Kontseiluak

2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
ESTRASBURGO. Europako Kontseiluak atzo jakinarazi zuen berriz irekiko duela Pat Finucane abokatu irlandarraren heriotzari buruzko kasua, Erresuma Batuak auziaz harturiko erabakiak egokiak izan ote diren ikertzeko. Finucaneren senideek pozez hartu zuten erabakia, egia jakiteari begira «pauso esanguratsu bat» izan delakoan.

Finucane 1989ko otsailaren 12an hil zuen, tiroz, UDA Ulsterren Aldeko Elkartea talde loialista paramilitarrak, Belfast iparraldeko bere etxean, emaztearekin eta hiru seme-alabekin afaltzen ari zela.

Erakundeak IRA Irlandako Armada Errepublikanoko kidea izatea egotzi zion legelariari, baina haren familiak beti ukatu du hori, eta Finucanek berak bi aldeetako auzipetuak defendatu zituen abokatu lanetan aritu zen tartean. Orain arte, hilketan parte hartu zutenetako bat zigortu dute soilik.

Iragan abenduan, Erresuma Batuko Gobernuak barkamena eskatu zion familiari, eta aitortu zuen estatuak modu batera edo bestera zerikusia izan zezakeela gertakari horretan. Ordea, uko egin zion hilketari buruzko ikerketa publiko bat egiteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.