Salatu dute udaltzainen lan poltsan euskara kendu dutela

ELAk azaldu du erabakiak bide ematen diola udal batzuetan udaltzainak euskara jakin gabe aritzeari

2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
ARKAUTI. ELA sindikatuak jakinarazi du Arkautiko akademian udaltzainen lan poltsarako euskararen eskakizuna kendu dutela. Erabaki hori herenegun argitaratu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean; Udaltzaingoaren lan poltsaren inguruko Polizia eta larrialdietako euskal akademiako zuzendari nagusiaren ebazpena da erabakia, eta kendu egin dute euskara eskakizuna; aurreko lan poltsan izen emateko baldintzen artean zegoen.

ELAk salatu du lan poltsako euskara eskakizuna kentzeak ondorioak izan ditzakeela: esaterako, zenbait udaletan euskaraz «inolako ezagutzarik gabe» udaltzainak lanean aritzea. Hala bada, herritarren eta langileen hizkuntza eskubideak «larriki» urratuko direla ohartarazi du sindikatuak. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren erabakiak «gaurko eta etorkizuneko hizkuntza eskubideak baldintzatuko» dituela ere adierazi du ELAk, ohar batean: «Izan ere, orain lanean hasiko diren langileek baldintzatuko dute datozen urteotako zerbitzua».

Hori horrela, sindikatua udalei zuzendu zaie: eskaera «zuzena» egin die, «euren esku baitago urraketa hori saihestea». Horretarako, udalek alde batera utzi behar dute lan poltsa bateratuaren «apustua, hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, behin-behinekotasuna betikotzen duelako eta polizia eredu jakin baten alde egiten duelako».

ELAren iritziz, udal bakoitzak bere lan eskaintza publiko propioa egin eta berezko lan poltsa osatu beharko luke: «Horrela, udalek aukera izango dute erabakitzeko bai plazen hizkuntza eskakizuna eta bai hautaketa prozesu guztia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.