Israel jo dute Siriako aireportu militar baten erasotzailetzat

Hamalau lagun hil dira T4 baseari eginiko aire erasoan; Siriak eta Errusiak ziurtzat jo dute Israelek egin duela

2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
DAMASKO. Igandean Siriako armadaren aireportu batean gertatutako erasoa Israelek egin zuela salatu dute Errusiak eta Siriak. Israelek, berriz, uko egin dio erasoaren inguruko adierazpenak egiteari.Misilekin egindako eraso hartan, Siriako armadako hamalau soldadu hil zituzten. Errusiako Atzerri Ministerioak ohar baten bidez adierazi duenez,«Israelgo armadako bi hegazkinek» zortzi misil jaurti zituzten Libanotik base militarrera, «Siriako aire eremuan sartu gabe». Oharraren arabera, haietako hiruk jo zuten aireportu militarra. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri Ministroaren esanetan, «oso larria» da erasoa, eta adierazi du aurrez ez zutela abisurik jaso.

Aire erasoa jazo eta gutxira adierazi dute Frantziak eta AEBk zerikusirik ez dutela gertatutakoarekin.

Dumako eraso kimikoaren ostean iritsi da aireportu miliartarrari eginiko erasoa. Donald Trump AEBetako presidentearen ustez, «burugabea eta onartezina» da eraso kimikoa, eta ohartarazi du neurriak hartuko dituela datozen orduetan: «Ez dakigu Siriak, Errusiak, Iranek edo guztiek batera egin duten erasoa, baina aurki jakingo dugu». Halaber, AEBetako Defentsa idazkari James Mattisek «ez du baztertzen» Siriaren aurkako neurriak hartzea eraso kimikoarengatik. Errusia eta Irani «Al-Assad animalia babestea» leporatu die Mattisek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.