Marokok bi saharar hil ditu drone bidezko eraso batean

Fronte Polisarioak harremanak eten ditu Madrilekin, Mendebaldeko Sahararako autonomia babesteagatik

2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
AAIUN. Marokok eraso egin zion igande goizaldean Mendebaldeko Sahararen eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen zerbitzugune bati, Ain Ben Tili herrian, eta bi saharar hil zituen: emakume bat eta hogei urteko haren semea. Ibilgailu batean zeudela, Marokoko armadak drone bidez jaurtitako misil batek jo zituen biak. Hainbat lagun zauritu ziren.

ECSaharaui atariak azaldu duenez, zortzi izan ziren, guztira, Marokok Mendebaldeko Saharako «helburu zibilen aurka» igande goizaldean egin zituen aire erasoak. Haren arabera, zenbait denda, kamioi, auto eta ur biltegi suntsitu zituen.

2020ko azaroan gerra berpiztu zenetik lehen aldia da Marokok inguru horretan zibilei erasotzen diela. Zortzi erasoetako bat Mauritaniak mugan duen base militar batetik kilometro batera egin zuen.

Fronte Polisarioak Espainiako Gobernuari bideratutako azken komunikatua ezagutarazi eta ordu gutxira egin ditu erasoak Marokok. Igandeko ohar horretan, Polisarioak jakinarazi zuen harremanak eten dituela Madrilekin, bat egin duelako Marokok Sahara Mendebalderako 2007an proposatu zuen autonomia planarekin. «Sanchezen gobernua Sahara erabiltzen ari da Maroko okupatzailearekin negozio miserableak egiteko». Halaber, nabarmendu zuen Espainiak ardura zuzena duela Mendebaldeko Sahararekin, lurraldearen kudeatzaile gisa.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak beste urrats bat egin zuen ostegunean Marokorekin dituen harremanak hobetze aldera: Mohamed VI.a Marokoko erregearekin bildu zen Rabaten, eta «bien arteko harremanaren aro berria gidatuko duen eskuorria» adostu zuten. Urtea amaitu aurretik bi estatuen arteko goi bilera bat egingo dutela jakinarazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.