Artxibatu egin dute Baigorriko bi atxiloturen aurkako auzia

Epaileak dio ETArekin «bake prozesuaz hitz egitea» ez dela delitua; Flores eta Sagarzazu kargutik kendu dituzte

2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
BAIONA. Bake prozesuaren testuinguruan oinarrituta, Parisko instrukzio epaile batek artxibatu egin du Pantxo Floresen eta Ramuntxo Sagarzazuren aurkako auzia, eta, ondorioz, kargutik kendu egin ditu, Kazeta-k eta Mediabask-ek argitaratu dutenez. 2015eko irailean atzeman zituen Frantziako Poliziak, Baigorrin (Nafarroa Beherea), David Plarekin eta Iratxe Sorzabalekin batera, ETAren kontrako operazio batean. Lehen aldia da kargugabetze bat arrazoitzeko epaile eta prokuradore bat bake prozesuaren bueltan oinarritu direna. Epaileak eta fiskalak diote ETAko kideekin «bake prozesuaz hitz egitea» ez dela delitua.

ETAk jarduera armatua utzi zuela jakinarazi eta ia lau urtera izan zen Baigorriko operazioa, Floresen etxean —Agorerreka aterpetxean—. Armagabetze prozesuan murgildua zegoen ETA, eta erakundeko zuzendaritzako kidetzat jo zituzten Pla eta Sorzabal. Harrezkero preso daude biak, eta datorren otsailaren 4an eta 5ean epaituko dituzte, Parisko zigor auzitegian. Flores eta Sagarzazu aske utzi zituzten berehala, baldintzapean. Sagarzazuk Frantziako Poliziari adierazi zion ETAko kideekin bake prozesuaz hitz egiteko zegoela aterpetxean. Floresen abokatuak dio bere bezeroak ez zekiela etakideak zirenik Pla eta Sorzabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.