Epaileak onartu ditu Navaleko kaleratzeak

2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
BILBO. Navaleko konkurtsoa daraman epaileak Navaleko langileak kaleratzeko dosierra onartu du, eta aldeei jakinarazi die. Asteon jasoko du jakinarazpena langile batzordeak, eta kontsulta epea abiatuko da. Konkurtso kudeatzaileak eman zien albistea langileei, atzo. Jaurlaritzako ordezkariekin eta Espainiako Gobernukoekin ere elkartu ziren Navaleko langileak. Bileran ikusi zutenez, administrazioen asmoetan ez dago ontziola esku publikoetan geratzea. Hamaika aldiz esan die Arantxa Tapiak Jaurlaritzak ez duela horretarako asmorik, EBko legediak debekatu egiten diolako. Mezu hori bera eman zien Raul Blanco Industriako Estatu idazkariak. Navaleko ordezkariekin elkarrizketatu ondoren, «eztabaida izugarri konplikatua» deitu zion nazionalizatzeko aukerari, eta ez irekitzeko eskatu zuen. Espainiako Gobernuak ere txosten bat egingo du Naval berriro ere publiko egiteko aukerari buruz.

Ontziola ziur aski ez, baina Navaleko 150en bat langilek badute berriro behargin publiko izateko aukera, horretarako konpromisoa hartu baitzuen Espainiako Gobernuak 2006an, Naval pribatizatu zuenean; Cadizera (Espainia) eta Ferrolera (Galizia) joan beharko lukete, ordea, han baititu lantegiak Navantia ontziola publikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.