Etiopiak Tigrayko erasoaren «azken fasea» abiatuko du

UNHCRk «eskala handiko krisi batez» ohartarazi du: Sudan 4.000 errefuxiatu hartzen ari da egunero

2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
ADDIS ABEBA. Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak atzo jakinarazi zuen gerraren «azken fasea» abian jarriko duela datozen egunetan, bezperan bukatu baitzen Tigray iparraldeko eskualdeko TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteari armak uzteko eman zion epea: «Amaitu egin da hiru eguneko ultimatuma. Zuzenbide estatua Tigrayn berriz ezartzeko azken fase erabakigarria datozen egunetan egingo dugu», adierazi zuen Facebook sare sozialaren bidez.

Agintariak mezu berean baieztatu zuen Tigrayko hiriburuaren inguruak bonbardatu zituztela iragan asteburuan, baina gehitu zuen ez zutela «zibilen eremurik» izan jomugan; gehitu zuen bi aste hauetako erasoaldietan hiriak eta herriak saihestu dituztela.

Egoera humanitarioari begira, Abiyek babesa eskaini zien ihes egin duten herritarrei: «Zin egiten diegu beren jabetzak babestuko ditugula, eta bakea bermatuko dugula itzultzen direnean». UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak «eskala handiko krisi batez» ohartarazi zuen atzo, eskura dituen datuengatik: Sudango muga 4.000 errefuxiatuk igarotzen dute egunera. Denera, herrialde horrek gutxienez 27.000 iheslari hartu ditu, Babar Baloch UNHCR-ren bozeramaileak jakinarazi zuenez; Khartumek 34.000 direla esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.