Elezkano II.a beste ezusteko bat ematen saiatuko da gaur

Buruz buruko txapelketako lehen finalerdia jokatuko du, Olaizola II.aren aurka. Goizuetakoa da faborito: 100-40ri

2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
ESKU-HUSKA. Aimar Olaizolak eta Danel Elezkanok buruz buruko txapelketako lehen finalerdia jokatuko dute gaur, Iruñean, Labriten (17:00). Goizuetakoa faborito garbia da apustuetan (100-40ri), baina Elezkanok dagoeneko ezusteko bat baino gehiago eman du txapelketa honetan. Irabazlea hilaren 27ko finalerako sailkatuko da, eta Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak bihar Bilbon jokatuko duten finalerdiko irabazlea izango du aurkari.

Elezkano (Zaratamo, Bizkaia, 1994) eta Olaizolaren (Goizueta, Nafarroa, 1979) artean 15 urteren aldea dago, eta baten ibilbideak ez du zerikusirik bestearenarekin. Olaizola buruz buruko hamargarren finalerako sailkatzen saiatuko da; Elezkanok, berriz, aurrenekoa izango luke. Are gehiago, gaztea Lehen Mailako buruz buruko partidarik irabazi gabea zen aurten arte. Behin hasita, baina, ez da bakarrarekin konformatu, eta Arteaga (22-6), Artola (22-11) eta Bengoetxea VI.a iazko txapelduna (22-14) kanporatu ditu jarraian.

Olaizolak bide motzagoa izan du. Albisu (22-7) eta Rezusta (22-8) kanporatu ditu, eta fresko iritsi da finalerdietara. Binakako txapelketako sasoi onari eutsi dio, eta buruz buruko finalera itzul daiteke hiru urte geroago. Partidari dagokionez, biek min handia egin dezakete sake-errematearekin; beraz, sakearekin asmatzen duenak asko izango du irabazia. Inoizez dute elkarren aurka jokatu buruz buru; bai, ordea, lau eta erdian. Duela bi urte izan zen, eta Olaizolak 22-5 irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.