Marixol Iparragirre askatzeko eskatu dute dozenaka lagunek

Uztailaren 8an eta 9an epaituko dute presoa. Gogoratu dute «ezinbesteko ekarpena» egin zuela «bake bidean»

Atzo Donostian egindako agerraldia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Marixol Iparragirrek jarri zion ahotsa duela jada bi urte baino gehiago ETAk bere burua desegiteko erabakia iragartzeko kaleratu zuen agiriari, eta dozenaka euskal herritarrek adierazi dute «ezinbesteko ekarpena» egin diola Euskal Herria «bake bidean» jartzeko prozesuari. Donostian egin dute agerraldia, Iparragirre aska dezatela eskatzeko. Izan ere, uztailaren 8an eta 9an epaituko dute Eskoriatzako (Gipuzkoa) presoa, Espainian. «Hemen gaudenok Marixolen askatasuna exijitzen dugu».

Hainbat pertsona ezagun izan dira agerraldian: Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa; David Pla, Mikel Orbegozo, Mikel Albisu eta Iñaki Pikabea preso ohiak; Jon Enparantza abokatua; eta bertze hainbat eta hainbat herritar. Mezua, berriz, Ino Galparsoro Arrasateko (Gipuzkoa) alkate ohiak eta Olatz Albisu senideak irakurri dute. Adierazi dute, ordea, ez direla «altxa diren bakarrak»: «Debagoieneko, Euskal Herriko eta munduko hainbat pertsona esanguratsuk izenpetu dute gurekin batera aldarrikapen hau».

Iparragirrek «ia lau hamarkada» daramatza «etxetik kanpo», eta hamasei urte, berriz, preso. Frantziako zigorra bete zuen 2019ko abuztuan, baina irailean Espainiaratu zuten. Salatu dute «lehen graduan modu ankerrean» eduki dutela, «inolako epaiketarik egin gabe». Heldu den asteko epaiketa «sobran» dagoela adierazi dute: «Herri honek ez du epaiketa gehiago behar, are gutxiago kartzela zigorrak ekar ditzaketenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.