Gizon bati kartzela zigorra jarri diote sexu eraso batengatik

Bikotekide ohiaren lagun bati eraso zion, urtebetetze festa baten ondoren emakumea lo zegoela

2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Nafarroako Auzitegiak bi urteko kartzela zigorra ezarri zion atzo Iruñeko gizon bati, emakume bati sexu abusua egiteagatik. Haren bikotekide ohiaren laguna zen andrea. Erasotzaileak 3.000 euro ordaindu beharko dizkio emakumeari, kalte ordain gisa; modu berean, hiru urtez harengandik urruntzea agindu dio epaileak.

2020ko abenduan gertatu zen erasoa. Biktima bere lagunaren etxera joan zen, eta han geratu zen lotan. Epaiak frogatutzat eman du andrea lotan zegoela gizonezkoa logelara sartu zela eta eraso egin ziola.

Era berean, 13 urteko neska batez abusatzea egotzitako gizon bati —20 urte zituen erasoaren garaian— bi urteko espetxe zigorra ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiak. Fiskaltzak hamabi urteko kondena eskatua zuen akusatuarentzat, baina akordio bat lortu du harekin eta akusazioarekin; besteak beste, «kaltearen erreparazioaren» aringarria aplikatu diote erasotzaileari, egindakoa onartu duelako. Kalte ordain ekonomikoa pagatzeaz gain, sexu hezkuntzarekin lotutako terapia bat egin beharko du gizonak.

Bestalde, Gasteizen, Udaltzaingoak atzo 25 urteko gizon bat atxilotu zuen bikotekideari eraso egitea egotzita. Poliziek kalean aurkitu zuten biktima, negarrez; bekain batetik odola zerion, eta begi batean ubeldura zuen. Udaltzainei esan zien bikotekideak jo egin zuela biak bizi diren etxebizitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.