Lantegi Batuak-eko langileek «arrakastatsu» jo dute greba

Erosteko ahalmena berreskuratu ahal izateko ituna nahi dute langileek. Gaur beste greba egun bat egingo dute

Lantegi Batuak-eko langileek atzo egin zuten manifestazioa, Bilbon. LAB.
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
BILBO. Lantegi Batuak-eko langileek hirugarren greba eguna dute gaur, eta orain arteko erantzunarekin «gustura» azaldu dira deitzaileak. «Arrakastatsua izaten ari da, eta esan dezakegu gehiengo baten babesa jaso dugula». Luis Alvarez langile batzordeko presidenteak, ordea, ez zuen zenbatekorik eman. Iazko abenduan ere greba egun bat egin zuten langileek lan itun bat eskatzeko, baina, erantzunik jaso ez dutenez, mobilizatzen jarraitzea erabaki dute: «Zuzendaritzatik jaso dugun azken proposamena urrikoa da, eta oso xuhurra da».

Lantegi Batuak-ek 2.200 behargin inguru ditu, eta horientzako itun berri bat negoziatu nahi dute. Izan ere, azken sei urteetan izan dituzten bi hitzarmenetan erosteko ahalmena galdu dutela azaldu zuen Alvarezek, atzo, Bilbon egin zuten manifestazioan. Lehen hiru urteetan soldatak izoztuta izan zituzten langileek, eta hurrengo hiruretan %1en igoerak izan zituzten, «baina KPIaren araberako inolako loturarik gabe».

Zuzendaritzarekin mahaiaren bueltan esertzen direnerako euren proposamena argi aurkeztu zuen: KPIaren araberako soldata igoerak, eta zenbateko lineal bat «orain arte galdutako erosteko ahalmenaren zati bat berreskuratzeko». Langile batzordeko kideak esan zuen presio egiten jarraituko dutela negoziazio mahaian eseri ezean, eta aurreratu zuen martxorako beste hiru eguneko grebara deitua dutela. Larunbat honetan ere manifestazioa egingo dute Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.