Athleticek 1-2 irabazi du; Realak, berriz, 0-2 galdu

Zuri-gorriek Valentziaren zelaian lortu dituzte hiru puntuak, eta txuri-urdinek ez diote neurria hartu Madrili

Athleticek bigarren garaipena kateatu du segidan. LA LIGA.
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Sentipen desberdinekin joango dira etenera Athletic eta Reala. Iragan asteartean Granadillaren zelaian irabazi ostean, sasoi honetan lehen aldiz bi garaipen kateatu dituzte zuri-gorriek. Atzo 1-2 menderatu zuten Valentzia. Txuri-urdinek, berriz, ezin izan dute sailkapenaren goialdean egonkortu. Izan ere, 0-2 galdu zuten Madrilen kontra.

Athleticen kasuan, lehen zatian etxeko taldea hobea izan zen. Bi baloi jaurti zituen zutoinera. Bigarrenean, ordea, zuri-gorriek hobera egin zuten, Unzueren, Aranaren eta Azkonaren irteerarekin. Horren saria 60. minutuan jaso zuen Iraia Iturregiren taldeak. Pinedok sareetara bidali zuen Azkonak emandako pase on bat. Valentziak jokoaren ekimena hartu zuen orduan, eta arriskatu egin zuen. Hori baliatu zuen Athleticek 90. minutuan, kontraerasoan bigarrena egiteko. Golegilea Arana izan zen. Valentziaren gola, berriz, Torrodak sartu zuen 95.ean. «Aurkari oso ona izan da Valentzia, eta lehen zati hobea egin du guk baino. Baina oso pozik gaude garaipenarekin, eta batez ere taldeak egin duen bigarren zatiarekin».

Reala, berriz, kostata ari da etxeko norgehiagoketan. Atzo sasoiko lehen partida galdu zuen. Madril ezustekoa ematen ari da denboraldi honetan, eta atzo erakutsi zuen zergatik. Txuri-urdinek izan zuten neurketako lehen aukera, Bernabek zutoinera bidalitako baloi batekin. Baina bisitariak hobeto egon ziren jarrita zelaian, buruz burukoetan nagusi izan ziren, eta bigarren zati ona jokatu zuten. Eibarreko aurrelari ohi Kundananjik egin zituen Madrilen bi golak, duen abiadura baliatuz. 57. eta 78. minutuetan sartu zituen. Neurketaren azken txanpan Realak estutu egin zuen, baina ezin izan zion partidari buelta eman: «Etxean kostatzen ari zaigu. Ez dugu jakin haiek geratzen, eta ez dugu nahikoa egin punturen bat lortzeko», adierazi zuen Arroyok.

Alavesek Granadillaren zelaian jokatuko du gaur (12:00). Arabarrak behar gorrian daude, orain arte puntu bakarra lortu baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.