Kristau Eskolako ikasleen gurasoek «kezka» azaldu dute

Hilaren 16tik 25erako greba deialdiaren harira, kolokan ikusten dute seme-alaben «etorkizun akademikoa»

Berria -

2019ko urtarrilak 6
BILBO. Sei greba egun egin dituzte aurten dagoeneko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetako langileek; halaber, hilaren 16an hasi eta 25era bitartean greba egiteko deialdia erregistratu dute orain. Horren harira, ikastetxe horietako guraso elkarteak batzen dituen FECAPP federazioak ohar bat plazaratu du gurasoen «kezka» agerian uzteko. Eman gabeko eskolen ondorioz haien seme-alaben «etorkizun akademikoa» kolokan egon daitekeela adierazi dute, eta saihestu egin beharko liratekeela horrelako eragozpenak: «Ez dago inolako motiborik hori justifikatzeko».

Elkar hartuta daude bost sindikatuak lan gatazkan: ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT. Sindikatuetako ordezkaritzekin bilerak egiteko ahaleginak egin dituztela esan dute gurasoek, baina antzuak izan direla. Ezinbestekoa iruditzen zaie, ordea, haien jarrera aldaketa: «Erantzukizunaren aldeko deia egiten diegu, benetakoa baita ikasturtea galtzeko arriskua». Sarean 117.905 ikasle ari dira.