Navalni Errusiako oposizioko kidea komatik esnatu da

Berlingo ospitaleak zabaldutako partearen arabera, «hitzezko estimuluei erantzuten die»

2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
BERLIN. Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kidea komatik esnatu zen atzo, abuztuaren 20an ustez pozoitua izan ostean. Berlingo ospitaleak zabaldutako partearen arabera, «hitzezko estimuluei erantzuten die». Halere, medikuek uste dute oraingoz «goizegi» dela pozoitzeak epe luzera ekar diezazkiokeen ondorioak aztertzeko.

Steffen Seibert Alemaniako Gobernuko bozeramaileak joan den astean aditzera eman zuen Navalni arma kimikoen ekoizpenerako erabilitako substantzia batekin pozoitu zutela. Indar Armatuen laborategian ikertu zuten, La Charite Unibertsitatean, eta emaitzek diote Navalni pozoitzeko erabili zuten substantzia Novitxok nerbio agente toxikoaren taldekoa dela. «Navalni arma kimikoekin egindako atentatu baten biktima izan da».

Angela Merkelen gobernuak egiaztatutzat eman du pozoitzearen tesia, hasiera batean Siberiako Omsk hirian artatu zuten medikuek baztertu zutena. Moskuren aurkako mezuak gogortu ditu Berlinek, eta gertatutakoa argitzeko eskatu dio.

Errusiako agintariek, bestalde, Moskun irekitako ikerketak moteltzea leporatu diete alemaniarrei, eta Alemaniatik abiatutako akusazioetan oinarri politikoa dagoela iradoki dute.

Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroak asteburuan iradoki zuenez, kasu horrek Nord Stream 2 gasbidearen proiektuari eragin diezaioke. Atzo Seibertek onartu zuen ez dutela ezer baztertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.