ZUZENDARIARI

Zuri ta zuri

Barakaldo.
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Gizakiak behin eta berriz harritzen nau. Hau da, gauza hutsalei ganorakoei baino munta handiagoa ematen die. Halere, patrika ukitzen badiote, martxan jartzen ditu etengabe protestatzeko mekanismoak. Argi dago bizi garen elkartasun gutxiko mundu honetan sosak garrantzia daukala. Izan ere, horrek —lana izateko zortea baduzu— oinarrizko beharrak, behinik behin, babesten lagatzen digu. Nolanahi ere, nire ikuspuntutik, badira beste elementu batzuk sosa bezain inportanteak direnak, eta gizakiak neurri berean jardun beharko luke haiekin. Hala nola gezurra.

Dakigun bezala, udal hauteskundeak izan ondoren udalak osatu dira, eta Barakaldo ez da izan salbuespena.Uztailaren 18an udalbatzaren osaketa-bilkura izan zen; eta, han bertan, EH Bilduk egungo garaiak kontuan hartuta, herritarrentzako zenbait zuzenketaaurkeztu zituen. Adibidez, udalaren baliabideen banaketa justuago bat (Eudelen gomendioei jarraituz), alderdi guztien, herritarron eta gizarte eragileen esku-hartzea sustatzeko neurriak (udaleko barruko funtzionamenduan) eta soldaten jaitsiera orokorra. Horrek eskuarki ekarri zuen, batetik, EAJren eta Elkarrekin-Podemosen ezetza eta, bestetik, PSEren abstentzioa. Izan ere, ekarpen duin horiek aitaren batean baliogabetuak geratu ziren.

Hori gutxi izango ez balitz bezala, EAJ osaketa bilkuran bere buruari zegozkion baliabideak orain lau urtekoak baino handiagoak dira, eta hori inorekin komentatu gabe. EAJk badaki PSErekiko hitzarmenari esker hark ez duela molestatuko, eta beste behin ere, herriko errealitatea aztertu beharrean eta herritarrengan pentsatu ordez, Barakaldoko udala batzoki bilakatu nahi du. Frankotan herritarrak ez daude horren jakinaren gainean, eta jakin behar dute, batez ere, zuek: EAJren eta PSEren bozkatzaileek.

Lehenengoari esaten diot tamalez gezurra Barakaldora etorri zaigula: alkate andreak behin baino gehiagotan komentatzen zuen beste alderdiekin udalaren antolaketa eztabaidatuko zuela (Barakaldo eta herritarron onerako). Arestian esan dudan bezala, jakin beharra daukazu ez dela egiazkoa izan. Hau da, alkate andreak balizko ekintza kolektiboak apaindu zizkizun, baina azkenean banakakoak mahai gainean jarri zituen. Alabaina, Barakaldok behar duena da egiazko ekintza kolektiboa auziak konpontze aldera. Adibidez, kaleratzeak, grebak kiroldegietan, lan-gatazkak, jazarpen sexistak…

Zuri, PSEren bozkatzailea, jakin badakit ohituragatik bozkatu duzula, baina zure boza dagoeneko ez da ezkertiarra, ez dio ahulenari babesarik ematen, eta bere axolagabetasunarekin gai sozial justuetan arnasa ematen dio norbaitek nahi duen gure udalaren batzoki bilakatze horri. Hori gutxi izango balitz bezala, udal taldearen karguen gastuak %35eko igoera bat izan du. Guztira, barakaldar guztiok 1.015.871,76 euro pagatzen dugu. Argi eta garbi patrika ukitzen digula…

Gauzak horrela, EAJ nahiz PSE euren maitasun burbuilan bizi dira haratago begiratzeke, eta -okerrena dena-alderdien onurak lehenesten dituzte herritarrenak baino. Horrekin lotuta, onura horiek Barakaldoko herritarrak alderdien arteko txanpon truke izatera bultzatzen dituzte. Hala eta guztiz ere, herriaren onuragatik informatzen jarraituko dugu.

Egin dezagun erantzukizun ariketa, eta gezurra salatu dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.