Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran egingo dute, 14an

Herri euskaldunen garrantzia azpimarratzeko egitarau zabala osatu dute. Batzarra ere egingo dute.

Egunaren berri emateko aurkezpena, atzo, Seguran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
SEGURA. Udalerri euskaldunen ekarpena festa giroan ikusaraztea eta aurrera begirako erronkak nabarmentzea. Xede hori hartuta egingo du Uemak Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran (Gipuzkoa), bihar zortzi. Atzo aurkeztu zuten Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok, koordinatzaile Miren Segurolak eta Segurako alkate Izarra Urdalletak, Seguran. Euskal Herrian 175 bat udalerri euskaldun daude; alegia, biztanleen %70 baino gehiago euskaldunak direnak. Guztien bilgune izango da Segura, Lazkanoren hitzetan: «Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, Uemako kide izan ala ez».

Euskara aiden lelopean ospatuko dute eguna. Lazkanok eman du arrazoia: «Udalerri hauek egundoko ekarpena egiten diote euskararen normalizazioari. Areago: herri honen arnasguneak direla esan ohi dugu, eta ez dira hitz hutsak. Aurtengo leloa ere antzekoa da: herri hauetan euskara airean dago, eta euskara ari du. Euskara aiden».

Bi urtez behin antolatzen dute egitasmoa, baina, pandemiaren ondorioz, lau urteko etena izan du. 2020an bezala, aurten ere Segurari egokitu zaio. Urdalletak esan duenez, pozarren hartu dute: «Ilusioz aritu gara lanean azken hilabeteotan». Uemaren batzar nagusia eta ekitaldi instituzionala ere egingo dituzte. 2021ean egindako ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko azterketaren emaitzak ere jakinaraziko dizkiete batzarrean parte hartuko duten udalerri euskaldunetako ia ehun alkate eta zinegotziei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.