Altsasuko auziak «frustrazioa» sortu du, Foro Sozialaren iritziz

Foroak uste du «elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza ahalbidetuko duen legealdia» hasi dela Nafarroan

2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
ALTSASU. Foro Sozial Iraunkorrak «kezka eta ezinegona» agertu du Altsasuko auzia Nafarroako gizartean eta «batez ere gazteen artean» eragiten ari den «frustrazioarengatik». Ohar batean, nabarmendu du Nafarroan hasi berri den legealdia «elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza ahalbidetuko duena» izango dela, baina auzia eragiten ari den frustrazioak «arriskuan» jartzen duela «alderdien, sindikatuen, jendarte zibilaren eta Nafarroako Gobernuaren artean eraikitzen ari garen errail zentralaren lana».

Urriaren 9an, Espainiako Auzitegi Gorenak hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorra ezarri zien 2016ko urriaren 15ean Altsasuko taberna batean izandako liskarrengatik akusatutako gazteei. Foro Sozialak gogorarazi du auziari buruzko iritzia ematea saihestu duela luzaroan, bere lan eremua «indarkeria ziklo luzearen ondorioen konponbidea» delako, baina orain erabaki du epaiak «Nafarroan eraikitzen ari den elkarbizitza demokratikoan izango duen eraginari buruzko irakurketa» egitea. Hain justu, balorazio hori da auzia «sekulako frustrazioa» eragiten ari dela, baina dei egin du «etsipenean» ez erortzera:«Ikuspegi luze batekin egindako hausnarketek adierazten digute baldintzak egon badaudela. Egoerak eskatzen duen mailan jardun behar dugu denok, eta baldintza horiek baliatu. Politika hauek guztiak indartzeko eta azkartzeko garaia da».

Aitzitik, Foro Soziala jakitun dago «gatazka ukatzen duen pisu handiko sektore bat» dagoela Nafarroan: «Hala eta guztiz ere, epai honek gazteentzat eta haien senideentzat zer dakarren aintzat hartuta, oso argi dugu Nafarroako jendartearen gehiengoak, alderdi politiko gehienek eta sindikatu guztiek elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna nahi dutela».

Espainiako auzitegiek auzian hartutako erabakien «injustizia» salatzeko, «Duintasunaren Martxa» egingo dute bihar, Altsasutik Iruñera. Arratsaldean, berriz, elkarretaratzea egingo dute Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.