Tubacexek dio hil den langileak ez zuela bero kolperik izan

Labearen mantentze lanetan aritzen zen behargin bat hil zen astearte arratsaldean, Amurrioko lantegian

Tubacexekoen protesta lan istripu bat salatzeko, uztailean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
AMURRIO. 61 urteko langile bat hil zen astearte arratsaldean Tubacexen Amurrioko lantegian (Araba), konortea galdu ondoren. Langileak Eusetek Gas SL enpresa azpikontratatuarentzat egiten zuen lan, galdarak garbitzen, eta asteartea Aiaraldean oso egun beroa izan zenez, LAB sindikatuak ohartarazi zuen heriotza bero kolpe baten ondorio izan zitekeela, eta ikerketa egiteko eskatu zuen. Tubacexek atzo erantzun zuen halakorik ez zela eta heriotza «arrazoi naturalen ondorio» izan zela. «Ezin da ondorioztatu egindako lanaren ondorio denik edo lan baldintzak edo giroak eragindakoa, ez baitzegoen estres termiko baten menpe». Tubacexek bere doluminak azaldu dizkie hildakoaren gertukoei.

Sindikatuak, ordea, ez daude gustura lan osasun kontuetan Tubacexen dagoen egoerarekin, eta bereziki beroaren aurkako neurriekin. Heriotza salatu zuten atzo arratsaldean.

2010az geroztik lau langile hil dira beharrean ari zirela; uztailaren 4an, 25 urteko langile bat hil zen Laudioko fabrikan, makina batek harrapatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.