Su-etena onartu du Haftarrek Libian, pandemia gelditzeko

Azken egunetan Haftarren indarrek etengabe bonbardatu dute hiriburua, eta hainbat pertsona hil

Haftarren ordezkari, Ahmed Al-Mismari. KHALED ALFIQI / EFE.
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
TRIPOLI. Urtarrilean Berlinen egindako goi bileran Europako buruzagiek lortu ez zutena lortu du koronabirusaren krisiak, hots, Khalifa Haftar buruzagi militarrak su-etena onartzea. Libiako Armada Nazionaleko buruak komunikatu baten bidez jakinarazi du erabakia, zeinean ohartarazten duen bi aldeek errespetatzen badute soilik iraungo duela meniak.

Fayez al-Serraj buru duen Tripoliko gobernuak eta hura babesten duen NBE Nazio Batuen Erakundeak eskatua zuten su-etena, koronabirus kasuak mugatzeko helburuarekin. Izan ere, azken egunetan Haftarren indarrek etengabe bonbardatu dute hiriburua, eta baita hainbat hildako eragin ere, pandemiaren kontrola ezinezko egiteraino.

Lehen kasuak agertu zirenetik, bi aldeek elkarri egozten diote hura zabaldu izana kanpotik ekarritako mertzenarioen bidez. Tripoliko gobernuak Turkia eta Qatarren babesa du, eta bere indarren artean ditu Siriako gerran aritutako milizianoak. Haftarrek, berriz, Sudango mertzenarioak kontratatu ditu, Errusiaren babesarekin.

Iazko apirilaren hasieran gogortu ziren borrokak Libian. Orduan Tripoli inguratzeko agindua eman zuen Haftarrek, NBEko idazkari nagusia, Antonio Guterres, han zela jakinik. Geroztik, eta iturri ofizialen arabera, 1.500 lagun hil dira, eta 15.000 zauritu. Horrez gain, 130.000 herritarrek etxea utzi behar izan dute gerratik ihes egiteko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.