Presoen urruntzea mantentzea salatu du Foro Sozialak

2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
DONOSTIA.Foro Sozial Iraunkorrak ohar batean nabarmendu duenez, «gizarteak» ez luke ulertuko Madrilek asteon plazaratutako «planean» euskal presoei «aplikatzen zaizkien salbuespen politikak mantentzea». Espainiako Barne Ministerioak joan den asteazkenean iragarri zuenez, presoek kartzeletan aurrez aurreko bisitak eduki ahal izango dituzte, Espainiako Estatua alarma egoeran egonda ere. Baina urruntze politikaren ondorioz, euskal preso gehienek ezingo dute bisitarik jaso.

Dena den, Foro Sozialak «positibotzat» jo ditu espetxe politikak aintzat hartuta «Espainiako Estatuan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean garatzen ari diren elkarlanerako dinamika berriak». Esan du orain arte elkarren artean «lankidetza gutxi» zuten erakundeak «egitasmo bateratuak» egiten hasi direla.

Bestetik, sei euskal preso gose greba egiten hasi dira, Patxi Ruiz presoari babesa erakusteko. Bost egun daramatza gose eta egarri greban, eta, AEMren esanetan, oraindik ez du medikuaren bisita jaso, ezta konfiantzazko medikuekin komunikatzeko baimenik izan ere. Kalean ere, Ezkerraldean eta Ondarroan (Bizkaia), gose greba egiten ari dira zenbait lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.