Lau orduko lanuztea nahi zuen LABek, inpugnazioaren harira

ELAk hiru enpresatan proposatu zuen greba, eta bien arteko desadostasuna gero eta handiagoa da

2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Espainiako Feaders patronalak lanbide arteko euskal esparru akordioari egindako inpugnazioak egoera desatsegina eragin du bi sindikatu abertzaleen artean. Euskal itunak estatalizatzeko egindako eraso larrienaren aurka jo eta lan harremanen euskal esparrua defenditu behar dela esaten dute biek, baina ez datoz bat defentsaren moduan. LABek atzo esplikatu zuen maiatzean lau orduko lanuztea egitea proposatu ziola ELAri, eta greba hori sektore artekoa izatea nahi zuela, esparru akordioaren inpugnazioaren erasoa «arazo konfederala delako». ELAren ideia da hiru enpresatan greba egun bat antolatzea, eta betiere epaiketaren aurretik (apirilaren 24a), besteak beste Euresten. Bada, LABek salatu du «ELA akordio bat sinatzeko prest» azaldu zela Eurest enpresan, Gabonetan, eta hark lan baldintzak estatalizaturik dituela. «Ordutik hona, LAB da ekintza sindikala egiten ari den sindikatu bakarra Euresten», dio hedabideetara igorritako prentsa oharrak.

ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek gaiari buruzko gutun bat bidali zuen hedabideetara atzo, eta esplikatu zuen «enpresek prekaritatea hedatzen duten eremu errealetan» ez dela posible izan ekintza sindikal bateratua egitea, «LABek uko egin dielako elkarrekin egin zitezkeen ekintzei».

Finean, sindikatu abertzaleek estrategia bateratua garatzeko luze jo duen prozesua nolako egoera ilunean dagoen islatzen ari da lanbide arteko esparru akordioaren inpugnazioaren auzia. Horiek horrela, LABek iragarri du apirilaren 20an mobilizazioak egingo dituela Euresten, Habertian eta Anoetako estadioaren obretan, horietan ez direlako euskal itunak aplikatzen ari. Epaiketa egunean ere protestak egingo ditu, Bilbon. ELAk, berriz, lanuztera deitu du egun horretarako errestaurazioko hainbat enpresatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.