Baskoniak ezin du huts egin gaur, etxean, Bayernen aurka

Gasteiztarrak zortzigarren postuan dira, eta alemaniarrak, zazpigarrengoan, norgehiagoka bat gehiago irabazita

2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
SASKIBALOIA. Azken txanpan da Euroliga. Bederatzi partida falta dira jokatzeko, eta guztiak dira erabakigarriak, final-laurdenak jokatzea baitago jokoan. Kirolbet Baskoniak jokatu egin nahi ditu kosta ahala kosta, are gehiago aurten Lauko Finala Gasteizen jokatuko dela kontuan hartuta. Helburua lortzeko bidean da, zortzigarren postuan baita. Final-laurdenak jokatzeko aukera ematen duen azken postua da hori; beraz, argi dago gasteiztarrak ezin direla deskuidatu. Gertu dituzte atzetik datozenak.

Gaur beste urrats bat egin dezakete Euroligako lehen helburua lortzeko bidean. Bayern Munich hartuko dute gaur (20:30). Alemaniako taldea Euskal Herrikoa baino postu bat gorago dago sailkapenean, garaipen bat gehiago lortuta. Beraz, gaur irabaziz gero, harrapatu egingo lukete, baita gainditu ere, gutxienez sei punturen aldeaz irabaziz gero: 77-71 irabazi zion Bayern Munichek Baskoniari lehen itzulian, oraindik Pedro Martinez entrenatzaile zela.

Irabazi beharreko partida da gaurkoa. Jarraian etxean jokatuko duten bigarrena da. Bayernen aurkakoa kontatuta, hurrengo bost partidetatik lau jokatuko dituzte zaleen babesean. Abantaila handia da hori. Gainera, ez dituzte jasoko bisitari ahaltsuak: Bayern, Zalgiris, Khimki eta Buducnost. Kolpea emateko aukera aproposa du Baskoniak. Beharko, azken txanpa beldurgarria baita: Panathinaikos (Atenasen), Real Madril eta Anadolu Efes (etxean) eta CSKA (Moskun).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.