ELAk eskatu du Hezkuntza Legean lan baldintzak jasotzeko

Langileen eskubideez jarduteko mahai bat eskatu dio Jaurlaritzari, eta legearen aurreproiektua kritikatu du

Atzoko protesta. BERRIA.
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
BILBO. ELAko Hezkuntza Publikoko, Ikastoletako eta Gizarte Ekimeneko 300 ordezkarik giza katea egin zuten atzo Bilbon, Moyua plazatik Jaurlaritzaren egoitzara, Denon hezkuntza denontzat langileEKIN lelopean. Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztu zuten iragan irailean, eta geroztik horren gaineko berririk ez dela salatu zuten. Aldarrikatu zuten lan baldintzei buruzko mahai bat egitea, trantsizio bat adosteaz ez ezik honako gai hauez ere aritzeko: lanpostuen mantentzea, langileen arteko baldintzen parekatzea eta hobetzea, eta kontratazioen gardentasuna eta egonkortasuna.

ELAren arabera, «estatuko sare bikoitzeko hezkuntza sistema uniformatzaile eta merkantilista» inposatzen da LOMLOErekin, eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Hezkuntza Legearen aurreproiektuak ez du hori gainditzeko oinarririk garatzen. Uste du Jaurlaritza alde bakarrez ari dela erabakiak hartzen, eta bide hori alboratzeko eskatu dio: «Sindikatuekin adostu behar ditu langileen lan baldintzak eta Euskal Eskola Publiko burujaberako trantsizioa». Mahai gainean jarriko lituzkete gai hauek: curriculum berria, ikasmaterialen osatzea, euskarazko murgiltze eredua, publifikaziorako urratsak eta doakotasunaren bermeak. Aurreproiektua laster ezagutuko dela uste dute, eta salatu dute ez dakitela egindako eskaerak aintzat hartuko dituzten testu horretan. Hala izan ezean, mobilizazio eta greba gehiago egitekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.