Zaldibarko auzian «zarata» urritzeko eskatu du Ortuzarrek

BILBO. Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) orain bi urte jazo zen «hondamendiaren» inguruan «manipulazioa eta erabilera politikoa» bazter uzteko eskatu zuen atzo Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzarrek, eta, areago, «kalean zarata urritzeko». Finean, gertatutakoaren inguruko argibideak «justiziak» emango dituela adierazi zuen, eta auzitegien lanak emango duen fruituaren zain geratu behar dela orain. Baina kalean dago oraino gaia.
2020ko otsailaren 6an amildu zen zabortegia, eta bi langile hil ziren. Auziko korapilo ugari askatu gabe daude oraindik, eta herritarren ezinegona ez da arindu; horixe aldarrikatu zuten ehunka lagunek igandean Ermuan (Bizkaia) eginiko manifestazioan. Zaldibar Argitu plataformak deituta, mobilizazioa egin zuten 12:00etan, herriko plazan hasita. Ardurak «argitu» daitezela eskatu zuten.
Pankarta handi bat eraman zuten manifestazioaren buruan; hari eutsiz egin zuten herritarrek Ermuko plazatik zabortegirainoko bidea. Aldarrikapenez josia izan zen mobilizazioa, eta asko izan ziren hondamendiaren ondorioz hildakoei, Alberto Sololuzeri eta Joaquin Beltrani eskainitako mezuak. Beltranen gorpua aurkitu gabe dute oraindik ere, eta mobilizazioaren ondotik biak omentzeko ekitaldi berezi bat egin zuten.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.