Jakes Esnalen auzi saioa gibelatu du Parisko Auzitegiak

Euskal presoa baldintzapean askatzeko eskaera atzo aztertu behar zuten, baina martxoaren 13an egingo dute.

2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
PARIS. Jakes Esnalek ia 30 urte daramatza preso, bizi osoko kondena betetzen. Baldintzapean askatzeko eskaera egin zuela-eta atzo aztertu behar zuen Parisko Auzitegiak haren kasua. Bake Bideak jakinarazi zuen auzi saioa datorren martxoaren 13ra gibelatu duela auzitegiak, Segurtasun Neurrietako Diziplina Askotako Komisioak bere iritzia ematen ahalko baitu egun horretan. Esnalen «arrisku maila» neurtzeko komisioa da, baldintzapekoa eskatzeko prozeduretan bere iritzia ematen duena.

Esnalek egin dituen azken eskaeretan, komisioak uko egin zion bere iritzia emateari, «datu falta» zela eta. Maritxu Paulus Basurko abokatuak adierazi du «berri ona» dela «azkenean» onartu izana. Hala ere, «denbora galtzea» dela azpimarratu du, «Esnalek preso dirauelako».

Bestalde, 2020ko martxoan iraganen den auzi saiorako, epaileak kartzelara joango dira. «Horrek pozten gaitu, orain arte bideo konferentziaz egiten baitziren saioak. Funtzionamendu horrek ez ditu bermatzen defentsa eskubideak», esan du Paulus Basurkok.

Jakes Esnal eta Frederic Haranburu 1990eko apirilean atxilotu zituzten, ETAren Argala komandoko kideak izatea leporatuta. Bizi osorako zigorrera kondenatuak izan ziren. Baldintzapean aske uzteko orain arte egindako eskaera guztiak ezeztatu dizkie Frantziak.

Bake Bideak gaur goizean egingo du agerraldia, Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.