Kartzela eskaria enpresari bati, langile bati erasotzea egotzita

Fiskalak hamalau urteko zigorra eskatu du gizonarentzat, langile zuen andre bat harremanak izatera behartzeagatik

2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
BILBO. Gipuzkoako Auzitegian enpresari bat epaituko du hilabete honetan, langile bati sexu eraso bat egin izana leporatuta. Fiskalak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du akusatuarentzat, eta akusazio partikularrak urtebete gehiagoko zigorra eskatu du. Akusazioen arabera, Donostian gertatu zen erasoa, 2016ko apirilean. Enpresan lanean ari zela, gizonak eraso egin zion emakumeari, eta sexu harremanak izatera behartu zuen; gainera, kontraturik gabe zeukan emakumea lantokian.

Bestalde, sexu erasoekin lotutako bi salaketa jaso ditu Ertzaintzak egunotan. Bilbon salatu dute erasoetako bat; andre batek kontatu du Bolueta auzoko diskoteka baten inguruan eraso egin ziotela. Gizon bat identifikatu dute. Beste salaketa Zallan jarri dute (Bizkaia); jaiak dira, eta andre batek salatu du eraso egin ziotela. Ertzaintzak gizonezko bat identifikatu du. Gasteizen, berriz, gizon bat atzeman zuten larunbatean, bikotekideari labanaz erasotzeagatik; espetxera bidali dute.

Bestalde, Kote Cabezudo argazkilaria bigarren aldiz epaituko dute datorren otsailean. Bi kontratu faltsutzea eta epaiketan dokumentu faltsuak erabiltzea egozten diote; fiskalak zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du. Urtarrilean, bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra jarri zioten. Martuteneko kartzelan dago. 21 emakumek salatu dute Cabezudo, erasoak egin zizkielakoan; epaiketa nagusirako egunik ez dute ezarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.