16 urtetik gorakoei abortatzeko eskubidea itzuliko die Madrilek

Berdintasun ministroak iragarri du 2010eko legeari 2015ean egindako erreforma baliogabetuko duela

2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
MADRIL. 16 eta 18 urte arteko emakumeei haurdunaldia eteteko muga kenduko die Espainiako Gobernuak: ez dute gurasoen baimena aurkeztu behar izango abortatzeko. 2015ean, orduko gobernuak erreformatu egin zuen 2010eko abortu legea, PP buru zuela, adingabeei abortatzeko eskubidea mugatzeko, eta Madrilek erreforma hura baliogabetu nahi du orain. Hala berretsi zuen atzo Irene Montero Berdintasun ministroak Espainiako Kongresuan.

2010ean onartu zuen Kongresuak egun lege hori, Hego Euskal Herrian indarrean dena. Epeen araberako sistema bat ezarri zuen Sexu eta Ugalketa Osasunari eta Haurdunaldia Borondatez Eteteari buruzko Lege organikoak: haurdunaldiaren lehen hamalaugarren asteetan libreki eta doan abortatzea baimendu zuen; 22. astera arte ere haurdunaldia eten daiteke, baldin haurduna edo fetua arrisku larrian badaude. PPk gogor jo zuen legearen aurka —Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen—, eta gobernura itzuli zenean 1985eko legea baino murriztaileagoa zen arau bat proposatu zuen, baina mugimendu feministaren protesta historikoak eragin zituen, eta atzera egin behar izan zuen.

Orain, PPk 2015ean egindako aldaketa indargabetzeko «lanak abian» jarriko ditu Madrilgo gobernuak, Monterok iragarri duenez. EAJ ados agertu da lege testua 2010eko bertsiora itzultzearekin, ohar baten bidez adierazi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.