Andre bat leihotik erori, eta bi pertsona atxilotu dituzte

Bilboko Zorrotzaurre auzoko eraikin abandonatu batean izan da ezbeharra; kausak argitzeko daude oraindik

2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
BILBO. Ertzaintzak andre bat eta gizon bat atxilotu zituen ostegun iluntzean Zorrotzaurreko erriberan, Bizkaiko hiriburuan: antza, lotura bat atzeman diete egun berean eraikin huts batetik erori zen emakumearen kasuarekin. Hirurak etxegabeak direla jakinarazi du Segurtasun Sailak: oraindik argitu ez dituzten arrazoiengatik, 28 urteko andrea eraikineko bigarren solairutik amildu zen, eta zauritu egin zen. Oinezko batek antzeman zuen egoera: bi atxilotuak emakumea lurretik «arrastaka» eramaten saiatzen ari zirela ikusi zuen; hain zuzen ere, oinezko hark eman zien ertzainei gertatzen ari zenaren berri. Emakumea zaurituta eta hainbat hezur hautsita eraman zuten gero erietxera, eta bi pertsona horiek atxilotu egin zituzten.

Berri agentzien arabera, abandonatutako eraikin batean gertatu zen erorikoa, osteguneko 22:00ak pasatxoan; berria, ordea, ez zen atzo arte zabaldu komunikabideetan. Zorrotzaurreko ibilgailuentzako biltegi baten alboan dago eraikin huts hori, eta etxerik gabekoek lotarako erabiltzen dute maiz. Segurtasun Sailak egunkari honi azaldu dionez, ez dakite une hartan jende gehiago ote zegoen eraikinaren barruan, ez eta erorikoaren aurretik zer gertatu zen ere; oraingoz, ez dute lotu genero indarkeriarekin edo eraso sexistaren batekin. Biktimaren zaurien larritasunaz ere ez dute argibiderik eman oraindik. Oinarrizko ikerketak bukatzen dituztenean, epailearen aurrera eramango dute kasua, bi atxilotuei nolabaiteko erantzukizunik lepora ote dakiekeen ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.