'Haserre gaua' egingo dute espetxe politikaren kontra

Hamabi orduko protestaldi bat antolatu du Sortuk larunbat gauerako Bilbon, eta zenbait ekitaldi egingo dituzte

Gonzalez Sola oroitzeko mobilizazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
BILBO. Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzaren harira, Sortuk «Haserre Gaua» izeneko ekitaldi bat egingo du bihar. Hamabi orduko protesta bat izango da, Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean, irailaren 12ko 21:00etan hasi eta biharamuneko 09:00etan amaituko dena.

21:00etan izango da mobilizazio nagusia, eta, ekitaldi politikoaren eta musika emanaldiaren ostean, gau osoan hainbat ekinbide egingo dituzte egunsentira arte: presoen aldeko aktibismoari buruzko mahai ingurua, presoei gutunak idatzi eta bidaltzea, eta abar.

Sortuk eskatu die protestaldian parte hartzeko asmoa duten herritarrei maskara, lo zakua, gaua han emateko jantzi egokiak eta Gora herria leloa duen elastikoa eraman ditzatela. Esan dutenez, segurtasun neurriak errespetatuko dira: hidrogela egongo da, distantziak bermatuko dira eta komunak jarriko dituzte.

Sortuk gogora ekarri du 49 herritar hil direla «preso politikoei estatuek aplikatzen dizkieten salbuespen politiken ondorioz». Gonzalez Solaren kasuan ere, gogorarazi dute zigorraren hiru-laurdenak beteta eta gaixo egon arren «gatibu» jarraitzen zuela: «Hori ezin da berriz gertatu. Presoek ezin dute bahitu politiko gisa jarraitu. Espainiako Gobernuaren esku dago mendekuan oinarritutako espetxe politika albo batera uztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.