Ekintzaile feminista bat hil dute Mexikon

Cabanillas hil zuten lekua . BERRIA.
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
MEXIKO HIRIA. Emakumeen aurkako beste eraso bortitz bat izan da Mexikon, eta, oraingo honetan, Isabel Cabanillas ekintzaile feminista izan da biktima. Igande goizean hil zuten, buruan tiro eginda, Ciudad Juarezen. Chihuahua estatuko fiskaltzaren arabera, goizeko hiruretan aurkitu zuten 26 urteko emakumearen gorpua, hiriaren erdigunean. Poliziak hasi du ikerketa jada, «krimena genero arrazoiengatik egindakoa izan ote den argitzeko».

Profil poliedrikoa zuen Cabanillasek: arropa diseinatzailea, margolaria eta Hijas de su Maquilera Madre kolektiboko kidea zen; Mexikoren eta AEBen arteko mugan emakumeen eskubideak defendatzen dituen talde bat da azken hori—AEBekin muga egiten du Ciudad Juarezek—.

Igandean bertan hainbat emakumek manifestazio bat egin zuten hilketa salatzeko, baita emakumeek Mexikon eta bereziki Ciudad Juarezen jasaten duten egoera arbuiatzeko ere. «Zure hutsuneak min egiten digu, baina gehiago mintzen gaitu amorruak. Kide, lagun, ahizpa eta alaba, justizia eskatuko dugu zuregatik», azpimarratu zuten kolektiboko kideek. Datu ofizialen arabera, 2019ko urtarril eta abuztu artean hamasei emakume hil zituzten genero arrazoiengatik iparraldeko hiri horretan, baina hainbat erakundek jakinarazi dute 109 direla.

Nazio Batuen Erakundeak dioenez, Mexiko Latinoamerikako herrialderik arriskutsuena da emakumeentzat. 2018an 3.752 feminizidio erregistratu zituzten, azken 29 urteetako kopururik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.