ZUZENDARIARI

Euskal hezkuntza propioaren alde

Xabi Gomez. -

2019ko martxoak 19
Azkeneko ikasturteak bereziak izaten ari dira. Gizarte ekimeneko ikastetxeetan hogeita bat egun daramagu mobilizazio eta greba deialdien artean. Langile bilkurak eta asanbladak une aproposak dira Hezkuntza sistemaren gabeziak eta inkoherentziak azaleratzeko. Konturatzeko, alegia, gure herrian dugun hezkuntza sistema, bere sorkuntzan baliagarria izan zena, gaurko gizartearen isla ez dela eta berritzeko garaia iritsi zaigula.

Azkeneko greba egunean, manifestaziotik bueltan, nire esku artean BERRIA egunkaria erori da, eta bertan konprobatu dut badaudela beste batzuk nire ikuspegiarekin bat egiten dutenak. Maider Izagirre, Aitor Nuñez, Ibai Redondo eta Javier Iglesiasen bi artikulu irakurri ondoren zenbait ideia kolpatu zaizkit nire buruan eta ezin izan naiz isilik geratu.

Lehenik eta behin, gai gordinenari helduko diot: sexu abusuak. Ez dut uste Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan pederastia kasurik babestuko duen inor egongo denik, nik ez behintzat. Ez hori bakarrik, lerro hauetatik horrelakorik pairatu duten guztiak salatzera animatzen ditut eta erasotzaileren bat, gaur egun, adin txikikoen artean balego lehenbailehen kaleratzeko eskatuko nuke. Horrek ez du esan nahi inguruko lankideak konplizeak direnik, ikastetxe horiek desagerrarazi behar direnik edo sare bereko ikastetxe guztiak egoera berberetan daudenik.

Gizarte ekimeneko hezitzaileok ere amesten dugu. Euskal Hezkuntza sistema propioa nahiko genuke gure herrian. Bereizten gaituena. Inorena kopiatu gabe. Jakin badakigulako sare publikoan zein itunpekoan badaudela profesional bikainak sistema bere kabuz aldatzen daudenak. Ados gaude sinergiak sortu behar direla. Hautsi egin behar dira orain arte ekarritako ereduak eta berri baterako gonbidapena luzatu. Baina ez bakarrik Eskola Publikoari eta Ikastolari, Gizarte Ekimeneko ikastetxeei ere bai. Bertan badaudelako ere Euskal Sistema Propioarekin amesten dugunok: inklusiboa, euskara ardatza duena, berdintasuna bermatzen duena, sexu banaketarik gabekoa, erlijioa hautazkoa duena...

Agian Euskal Herriko agintariei ausartagoak izateko garaia iritsi zaie. Eredu propioa diseinatu eta adostu ondoren erkidegoko eskola publiko zein itunpekoei eskaintzeko. Erronka onartzen duen zentroak baldintzak bete eta finantzaketa publikoan oinarrituta geldituko litzateke, eta onartzen ez duenak finantzaketa erabat pribatua bilatu beharko luke. Orduan ez genuke «zatituta jarraituko, ez genuke lehian eta konfrontazioan jarriko antzekoak diren herri proiektuak, deitu ikastola, deitu eskola publiko edo gizarte ekimeneko ikastetxea». Posible da, ziur nago, amets bera dugu eta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna