Kamioi gidari bat hil da Galdakaon, AP-8 errepidean

Bi egunean bi langile hil dira, herenegun egurgin bat hil baitzen Gamarten, haritz baten adarrak harrapatuta

2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
GALDAKAO. Uda bereziki beltza izaten ari da laneko istripuei dagokienez: abuztu hasieratik atzo arte, 20 pertsona hil dira Euskal Herrian, lan egiten ari zirela. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, urtea hasi zenetik dagoeneko 47 beharginek izan dituzte lan istripu hilgarriak; baina zerrenda beltz horri beste bi pertsona gehitu behar zaizkio, atzo eta herenegun Galdakaon (Bizkaia) eta Gamarten (Nafarroa Beherea) hildako beharginak. Hortaz, 2018. urtea hasi zenetik 49 dira lanean hildakoak.

Atzo kamioi gidari bat hil zen Galdakaon (Bizkaia), AP-8an, Bilboko noranzkoan. Goizean gertatu zen ezbeharra, 10:10 aldera. Kamioia errepidetik atera zen, eta baranda jo zuen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren hipotesi nagusia da gidariak konortea galdu zuela gidatzen ari zela; seguruenera, bihotzekoak jota.

Bestalde, herenegun Gamarten hildako langilea 31 urteko egurgin bat zen. Ezbeharra asteazkenean gertatu zen, egurgina Gamarteko baso batean egurra mozten ari zela: adar bat gainera erori zitzaion. Osasun zerbitzuek eta suhiltzaileek 14:30 aldera jaso zuten abisua, eta, istripua gertatu zen tokira heldutakoan, haritz baten adarraren azpian harrapatuta aurkitu zuten gizona. Zaurituta eraman zuten Baionako ospitalera, helikopteroz, baina asteazken gauean zendu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.