Gizon bat atxilo, emaztea autoz harrapatzen saiatzea egotzita

22 eta 23 urteko bi gizon ere atzeman dituzte Gasteizen, emakume bati sexualki eraso egitea leporatuta

2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
BARAKALDO. Ertzaintzak 47 urteko gizon bat atxilotu zuen ostiralean Barakaldon (Bizkaia), haren emaztea autoz harrapatzen saiatu zelakoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenaren arabera, eztabaida baten ondoren, emakumeak etxetik alde egin zuen, eta ez zen ohartu gizona segika zuela. Andreak autoa hartu zuen, eta senarrak atzetik jo zuen bere autoarekin; ibilgailutik jaitsi zen biktima, eta ihesari ekin zion, baina gizonak autoarekin jarraitu zion, eta hura harrapatzen saiatu zen. Etxera itzultzea lortu zuen andreak, eta handik deitu zien ertzainei; etxebizitzara sartzen saiatzen ari zenean atxilotu zuten erasotzailea. Egindakoa onartu zuen gizonak. Andreak poliziei jakinarazi zien aurrez ere indarkeria fisikoa jasan izan duela.

Indarkeria matxistarekin lotuta, beste bi gizon gazte atxilotu zituzten ostiralean, Gasteizen, horietako bati andre bat bortxatzea leporatuta. Ertzaintzaren arabera, asteazkenean gertatu zen erasoa, biktimaren etxean. Prostituzioan dihardu emakumeak, eta gizonetako batek sexu zerbitzuak eskatu zizkion, baina logelara iristean, pistola elektriko batekin mehatxatu zuen, eta sexu harremanak izatera behartu zuen. Ondoren, beste gizona sartu zen, eta andreak zeuzkan bitxiak eta dirua lapurtu zioten. 22 eta 23 urte dituzte atxilotuek, eta aurrekari penalak dauzkate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.