Hego Koreak bilera bat egitea proposatu dio Ipar Koreari

Hilaren 9an Panmunjomen batzartzea planteatu du, bi estatuak banatzen dituen eremu desmilitarizatuan

2018ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
SEUL. Urte berriko mezuarekin batera, Kim Jong-un Ipar Koreako liderrak iragarri zuen prest dagoela Hego Korearekin hitz egiteko Neguko Olinpiar Jokoetara ordezkaritza bat bidaltzeko aukeraz —Pyeongchangen egingo dituzte (Hego Korea), otsailaren 9tik 25era—. Eta Seulek ontzat eman du Piongiangen asmoa; izan ere, hilaren 9an Panmunjomen —bi estatuak banatzen dituen eremu desmilitarizatuan— biltzea proposatu dio Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak Ipar Koreari. Kim Jong-unek oraindik ez dio erantzun eskaintzari.

Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukerari buruz hitz egitea da, berez, bileraren helburua, baina Hego Korea prest dago beste hainbat gaiez ere eztabaidatzeko. Eta Piongiangek herenegun egindako eskaintza kirol arlotik harago doa, bi estatuek bi urte baitaramatzate elkarri hitzik egin gabe. Moon Jae-inen esanetan,«harremanak hobetzeko aukera» izan liteke bilera, betiere Ipar Korearen programa nuklearraren auzia mahai gainean jartzen bada.

Seul erantzunaren zain dago. Izan ere, ez litzateke lehen aldia Piongiangek eskaintza bati entzungor egiten diona. Iazko uztailean, Hego Koreak bi bilera proposatu zituen. Ipar Koreak, ordea, ez zion erantzun proposamenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.