Caleb Ewanek irabazi du Giroko zortzigarren etapa

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan; gaurko, ordea, espero dira, 35 kilometroko erlojupekoa jokatuko baita

Caleb Ewanek irabazi du Giroko zortzigarren etapa.
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Podiumeko lehen koskaren usainean zebilen Caleb Ewan (Lotto-Soudal) Italiako Giroa hasi zenetik:laugarren, hirugarren eta bigarren izan zen. Atzo lortu zuen azkenean helburua, garaipena. Txirrindulari australiarrak irabazi zuen zortzigarren etapa, esprintean Elia Vivianiri (Deceuninck-Quick Step) eta Pascal Ackermanni (Bora) aurrea hartuta. Etapa luzea eta laua zen, esprinterrentzako aproposa, eta pronostikoak bete ziren. Azken zuzengunean erabaki zen garaipena.

Sailkapen nagusian, berriz, ez zen izan aldaketarik, eta Valerio Conti italiarrak (UAE) jarraitzen du maglia arrosarekin. 1.32ra du Jose Joaquin Rojas (Movistar), eta 1.41era Giovanni Carboni (Androni).

Biharko, ordea, bai, espero dira aldaketak, ia 35 kilometroko erlojupekoa jokatuko baitute. Lehen eguneko erlojupekoa bezala, aldapan gora bukatuko da, azkeneko 2,6 kilometroek %6ko batez besteko pendiza baitute. Primoz Roglic (Jumbo) da faborito nagusia etapa irabazteko, baina Contirengandik 5.24ra dago nagusian, eta bien artean hamar txirrindulari daude. Contik lider jarrai dezake, edo tartean dagoen baten batek lehen koskara jauzi egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.