Ramon Planes izango da Barkalaren kirol zuzendaria

Aretxabaletak iragarri du Josh Schirmerrek zuzenduko duela emakumezkoen harrobiko taldeen metodologia

2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
FUTBOLA. Beharrezkoak ziren bermeak lortu eta ofizialki Athleticeko presidentegai bihurtu ondorengo egunean, Rikardo Barkalak eta Iñaki Aretxabaletak eman dituzten lehen izenak.Barkalak irabazten badu, Ramon Planes izango da zuri-gorrien kirol zuzendaria. Bazegoen zurrumurrua, eta atzo baieztatu zen.

Planes jokalari eta entrenatzaile izan zen Lleidan, eta kirol zuzendari Lleidan bertan, Hospitaleten, Racingen, Alavesen, Espanyolen, Elxen, Rayo Vallecanon eta Getafen. Horretaz gain, Tottenhameko eta Bartzelonako idazkaritza teknikoetan lan egin du. «Harro nago, eta, irabaziz gero, lan egingo dugu Athleticek munduan bakarra izaten segitzeko, eta berme osoz onenekin lehiatzeko».

Aretxabaletak iragarri zuen, berriz, hilaren 24ko hauteskundeak irabaziz gero, Josh Schirmer estatubatuarrak zuzenduko duela emakumezkoen harrobiaren metodologia. Schirmerrek Sparta Pragaren emakumezko taldea zuzendu zuen, eta, hura aulkian izanda, taldeak Txekiako Errepublikako liga eta kopa irabazi zituen. Horri esker, Txapeldunen Liga jokatu zuen. Sasoi honetan, gizonezkoen taldearen analista lanetan aritu da. Iraia Iturregik lehen taldea zuzentzen segitzea nahi du.

Hiru hautagaien artean, Aretxabaletak lortu ditu berme gutxien. Hala ere, baikor dago. «Orain, azken fasea da. Ezustekoa emango dugu».

Haren ustez, Athleticek «zorra» du zaleekin. «Haurrek ez dute Athletic txapeldun bat ikusi, eta zor hori kitatu behar dugu. Klubaren alde lan egitera gatoz. Jende zuzena eta garbia gara». Kirol egitasmo «anbiziotsua eta ilusionagarria» osatu nahi du, «profesional onenekin» aritu, eta Lezama «munduko harrobi onenen mailara igo». Egoera ekomikoa «ona» dela dio, baina zehaztu du «kontuak orekatu» egin behar direla, «jokalari garrantzitsuak saldu gabe talentuari eusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.