Mikel Goñi Iruñeko espetxean sartu dute, zigorra betetzeko

Zortzi urteko zigorra ezarri zioten bi pertsona bahitu eta bietako bat mehatxatu eta kalte fisikoak eragiteagatik
Mikel Goñi eta beste akusatua, epaiketan, iazko martxoan.
Mikel Goñi eta beste akusatua, epaiketan, iazko martxoan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Berria -

2018ko abuztuak 4
PILOTA. Asteazkenaz geroztik, Iruñeko espetxean da Mikel Goñi pilotaria. Oronozkoak 41 urte ditu, eta zortzi urte eta hiru hilabeteko espetxealdia bete beharko du. Nafarroako Auzitegiko 3. Zigor Epaitegiak ez du onartu Goñiren abokatuaren helegitea, eta zigorra berretsi du. Epaiaren arabera, 2014ko azaroan Mikel Goñik eta haren lagun batek bi gizonezko bahitu zituzten, eta haietako bati mehatxu egin eta lesio fisikoak eragin zizkioten. Kartzela zigorraz gain, bien artean 11.320 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko diote zauritu zuten biktimari.

Epaiaren arabera, 2014ko azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, bi akusatuek gizon bana bahitu zuten Anotzibarren. Egun batzuk lehenago, Goñiri marihuana landare batzuk lapurtu zizkioten alokairuan hartua zuen etxe batetik, eta bi akusatuei egotzi zien lapurreta. Abenduaren 1eko bahitua etxearen jabea zen, eta hari zauri handi bat egin zioten eskuan, labana batekin, eta bihurkin bat sartu zioten azazkal baten azpian. Hurrengo goizean askatu zuten bahitua, eta hark 10.000 euro eman zizkien.

Mikel Goñi pilotari profesionala izan zen 1999 eta 2009 artean. Aspe enpresan aritu zen, bi garaitan. Titulurik lortu ez arren, zale askoren kutun bilakatu zen. Hartaz geroztik, bere kasa jokatu du.