Gizonezko bat atxilotu dute bikotekidea atxikitzeagatik

43 urte ditu gizonak, eta Lapuebla de Labarcan atzeman du Ertzaintzak; epaileak aske utzi du, akusaziopean

2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
LAPUEBLA DE LABARCA. Bikotekidea etxean itxi eta hainbatetan jotzea egotzita, 43 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Lapuebla de Labarcan (Araba). Epailearen aurrera eraman zuten atzo, eta, berri agentziek zabaldu dutenez, hark aske utzi du. Emakumezkoa legez kanpo atxikitzea egotzi dio, eta genero-indarkeria delitua.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, emakumeak lagun bati hots egin zion laguntza eskatzeko, eta hark eman zuen abisua Guardiako (Araba) polizia etxean. Andreak salatu du etxean itxita edukitzen zuela gizonak, eta, areago, gaineratu du gizonezkoak aizkora batekin mehatxatzen zuela etxetik atera ez zedin. Jo egiten zuela azaldu du.

Abisua jaso ondoren, biktimaren eta erasotzailearen etxera joan ziren ertzainak, eta auto baten barruan aurkitu zituzten andre-gizonak. Emakumearekin hitz egin ostean, atxilotu egin zuten gizonezkoa. Etxea miatzean, aizkora bat aurkitu zuten sukaldean ezkutatuta.

Asteon, ostegunean, Ertzaintzak beste gizonezko bat ere atxilotu zuen Bilbon, bikotekide ohia sei egunez bahituta eduki izana egotzita. Atxikia izan zuen, eraso eta irain artean, eta sexu harremanak izatera behartu zuen. Emakumearengana hurbiltzeko debekuaz gain, epaileek emandako beste bi atxilotze agindu ere bazituen atxilotuak. Espetxera bidali zuten gizonezkoa, epaitegitik pasatu eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.