Alaves eta Osasuna Espainiako Kopatik kanpo geratu dira

Arabarrek azken unean galdu dute Granadan (1-0), eta nafarrek ez dute aukerarik izan Bartzelonaren aurka (0-9)

Merche Izal, baloia jokatu nahian, atzo, Sadarren. OSASUNA.
2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
FUTBOLA. Euskal taldeek gaizki ekin diete Espainiako Kopako final-zortzirenei. Bik jokatu zuten atzo, eta biak geratu ziren lehiatik kanpo. Alavesek 1-0 galdu zuen Granadan (Espainia), etxeko taldearen aurka; Osasunak, berriz, ez zuen aukerarik izan Sadarren, eta 0-9 galdu zuen Bartzelonaren kontra.

Arabarrak geratu ziren lehenbizi bidean. Era krudelean galdu zuten, Granadak 85. minutuan sartu baitzuen gola. Hori gutxi balitz bezala, Patricia Larque atezainak sartu zuen gola bere atean, jokaldi nahasi batean.

Nafarrak, berriz, ezinean aritu ziren Bartzelona ahalguztidunaren aurrean. Lehen ordu erdia bete aurretik jada bi gol jaso zituzten, eta, bigarren zatian, beste zazpi. Hala ere, ikusteko dago zer gertatuko den kanporaketan. Bartzelonak Geyser Ferreira zelairatu zuen, baina aurrelari brasildarrari txartel gorria atera zioten Kopan jokatu zuen azken partidan, aurreko sasoian, Madrilen ari zenean, eta zigorra bete behar zuen. Osasunak jada jakinarazi du helegitea aurkeztuko duela. Bartzelona zigortuko balute, Osasunak 3-0 irabaziko luke, eta sailkatu egingo litzateke.

Gaur, Realak jokatuko du. Atletico Madril hartuko du Zubietan (18:30, Teledeporte). «Ondo gaude, eta ondo prestatu dugu lehia. Garrantzitsua da etxean jokatzea, eta espero dugu zaleek laguntzea; behar ditugu. Oso erakargarria da; Kopa da, eta amaiera arte egon nahi dugu hor», esan du Natalia Arroyo Realeko entrenatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.