Iruñeko gaztetxeek salatu dute jarduna eten nahi dietela

Berria -

2018ko maiatzak 1
IRUÑEA. Iruñeko Udalak ixteko mehatxua egin diela salatu dute Alde Zaharreko Maravillas eta Arrotxapeko gaztetxeek. «Udal ordenantzaren aitzakiapean, gure espazioen itxierari ekiteko asmoa dute, berriro espazio hutsak bilaka daitezen. Espazio hilak». Udaleko Etxebizitza Sailak ohar bana igorri die, eraikinen segurtasunari buruzko txosten teknikoak oinarri hartuta, gaztetxeetan «ikuskizunak eta bestelako jarduera publikoak antolatzea» debekatzeko. Jarduerei eutsiz gero lokalak ixteko aukera ere aipatzen da oharrean.

Gaztetxeek, berriz, ez dute asmorik euren eskaintza eteteko. «Ez dugu erasorik onartuko. Ez diegu inolaz ere utziko gure auzoak antolatzeko, auzolanean jarduteko eta borrokatzeko grina errotik motz dezaten». Horren aurrean, «desobedientziarako deia» egin dute: «Komunitatea eraikitzen jarraitzeko hautu irmoa egin dugu; hortaz, egitasmoak antolatzen jarraituko dugu, kapitalaren espazioak berreskuratzen eta era kolektiboan gure auzoak antolatzen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna