Madrilek 475 milioi jarriko ditu Air Europa erreskatatzeko

Iberia konpainia erosteko zain dago, baina Espainiako Gobernuaren oniritzia beharko du operazioak

Air Europa konpainiako hegazki bat. JOSE VALLE / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
MADRIL. Air Europa erreskatatzea erabaki du Espainiako Gobernuak. 475 milioi euro emango dizkio, konpainia estrategikoak laguntzeko sortutako funtsetik hartuak. Air Europak gehienez ere sei urte izango ditu jasotakoa itzultzeko. COVID-19ak eragindako krisia hasi zenetik, 600 milioi jaso ditu mailegu publikoetan. Ogasun Ministerioak ez ditu azaldu baldintzak, eta ez du jakinarazi enpresaren bideragarritasun plana. Maria Jesus Montero ministroak argitu duenez, gobernuak salerosketa operazioak edo aliantzak baimentzeko aukera izango du. Air Europa Iberiak erosteko zain dago; duela urtebete 1.000 milioiko operazioa iragarri zuten bi konpainiek, baina pandemiagatik atzeratu egin da. Krisiak gogorren jo dituen sektoreetako bat da aire konpainiena, bai hegazkinen produkzioaren alorrean, bai bidaiarienean, eta gobernuen esku hartzeak ugaritu egin dira. Hala, Italiak Alitalia nazionalizatzeko prozesua abian da, eta Frantziak eta Herbehereek 7.000 milioi jarri dituzte Air France-KLM erreskatatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.