Gizon bat hil dute Abandoko geltokian, labanaz
BILBO. Ezbehar larria izan zen atzo arratsaldean Bilbon: gizon bat labankadaz hil zuten Abandoko geltokitik gertu, antza borrokaldi batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman zuen gertaeraren berri. Jakinarazi zuenez, erasoa arratsaldeko bostak aldera izan zen, Abandoko geltokiaren inguruan. Lehen ikerketen arabera, talde batek inguratu zuen biktima, eta batek labankada bat eman zion. Gizonezkoa geltokiaren barruan babesten saiatu zen, eta han erori zen, inguruan odol errekasto bat utzita. Ertzaintzaren hainbat patruila eta larrialdietako anbulantzia bat geltokira bertaratu ziren, eta zauritua Basurtuko ospitalera eraman zuten, oso larri. Ospitalean artatu zuten medikuek ezin izan zuten ezer egin haren bizia salbatzeko, eta bertan hil zen. Hainbat hedabidek atzo zabaldu zutenez, erasoan hildako gizonak 20 urte inguru zituen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi zuenez, erasoa gertatu eta berehala Ertzaintzak polizia operazioa abiatu zuen erasotzaileak atzemateko, eta 20:30ak aldera 18 urteko gizon bat atxilotu zuen Bilbon, ustez erasoan parte hartzeagatik. Gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.