ZUZENDARIARI

Ehizaz solasean

2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Zaldibarko J. Sanzek beta hartu du nire idatzia irakurri eta erantzuteko. Lehenik, eskerrik asko, ohituegiak baikaude berriek jarraipenik ez izaten. Nik Gipuzkoako ikuspegia daukat, baina berdin balio duela uste dut Bizkairako ere.

Mahai gainean ipintzen duen gai nagusia aisia eta ehizarena da. Ehizarena erlatibizatzeko edo justifikatzeko, beste jarduera batzuetara eraman du gogoeta, adibidez, arrantzara eta perretxikoetara. Ondo, horretan erabat ados nago berarekin, nik bizidun basatiekin (landare, onddo eta animaliak) ditugun jarduera oro eztabaidatzen ditut batera; horretan gero eta zorrotzago jokatu behar dugula uste dut. Beste bizidun horiekin behar baino eskuzabalago jokatzen dugulako ez dut ehiza justifikatuko, baizik eta beste jarduera horiekin ehizarekin dudan jarrera bertsua defendatuko.

Erantzuleak ez dio ezer ea ehiztarien aisialdia eta beste guztiena zenbateraino diren bateragarriak ala ez. Nire iritzirako gure lurraldeotan ez dira bateragarriak eta naturaren ikuspegitik kaltea besterik ez dakarrenez, ehiza xehea erabat debekatzearen alde nago.

J. Sanzek dionetik ateratzen dudan ondorioa, eta pozten naiz, da aitortzen duela ehizak egiten duen kaltea, nahiz eta dioen ez dela handia. Nik ez dut hemen daturik zenbaterainokoa den esateko, ea irakurleren batek azaltzen digun. Hala ere, J. Sanzek egiaz ehiztariak asko direla aitortzen du, eta, ondorioz, posible da bakoitzaren kalte txikiz kalte handia pila osatzea.

Gehiengoaren gaia ere agertzen digu. Ehizaren aldekoak ala aurkakoak zenbat diren jakiteko modua kontsulta (loteslea, noski) egitea litzateke, baina gure politikariak ez daude horretan ohituak. Ni gaur egun oso ziur nago gehiengo oso handia dagoela hemen ehiza egitearen aurka. Kontsulta egin bitartean, bada, bi aldeok bakoitzak bere iritziarekin jarraitu beharko dugu, lau urtean behin aukeratzen ditugun ordezkarien erabakiekin gustura edo borrokan.

Lanbidearena da beste gai bat. Ehiza debekatuz gero, jende asko geratuko litzatekeela lanik gabe. Ez dut uste adibideak jarri behar ditudanik, argumentatzeko ondorio edo helburu txarra duen edozein jarduera debekatu izan dela, eta debekatu behar dela, edozein dela ere horretan lanean diharduen jende-kopurua. Armez ari bagara, zabalagoko gai korapilatsu batean sar gaitezke.

Azkenik, Vox señoritoen ehizaz ari da, nonbait. J. Sanzek berak badaki ez direla gutxi gure lurraldeetatik Espainiako kotoetara joaten diren ehiztariak. Nire iritziz, esango dut zergatik gure politikariek ez duten ehizaz hitz egiten. Agintean daudenak, jendaurrean ehizaren alde azaldu gabe, nahiago dute bulegoko isilpean ehiztariekin laguntzak eta arauak negoziatu. Agintean ez daudenek ere ez dute ehizaren aurka egiten, horiek ere botoak ez galtzearren, ehiztariak «asko baitira». Ehiztariak beraiek eta bere inguru gertukoak kontatuta, ez dago dudarik, boto asko direla. Badira, noski, baita ere, ehizaren gaia usaindu ere egiten ez duten politikariak, eta ez gutxi.

BERRIAko gure bion arteko solasak on egiten dio gizarteak ingurumenaren inguruan egin behar dituen gogoetak egiteari. Ea ahots gehiago entzuten ditugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.