Lozak dio preso gehiago gerturatu ditzaketela

Jesus Loza, Gasteizen.
Jesus Loza, Gasteizen. JR. GOMEZ/EFE

Berria -

2018ko abuztuak 9
BILBO. Olga Sanz Martin eta Xabier Moreno Ramajo euskal presoei hirugarren gradua eman eta Villabonako espetxetik (Asturias, Espainia) Basaurira (Bizkaia) lekualdatu dituztela jakinarazi zuten herenegun, eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak adierazi du uda amaitu aurretik balitekeela preso gehiago gerturatzea, baina oraindik ez dagoela «egitasmo adosturik». Espetxe politika berria martxan jartzeko bidea izan daitekeela esan du Lozak, baina uste du presoek «autokritika» egin behar dutela. Langraiz bidea-ren antza izango duen prozedura bat martxan jarriko dutela azaldu du.

Lozaren esanetan, «gizarteratzea babestea» da egokiena, eta argitu du ez dela «erabaki politiko» bat izan preso horiek gerturatzea, legea betetzea baizik. Azpimarratu du bi presoek gerturatuak izateko legezko «eskakizun guztiak» betetzen dituztela.

Sanz eta Moreno EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibotik aldenduta daude; berri agentzien arabera, idatzi bat sinatu zuten bortxaren erabilera arbuiatuz eta barkamena eskatuz. Lozaren esanetan, Basauriko espetxera gerturatu dituzten bi presoak «bidearen eredu» dira, eta «autokritika» egiteko eskatu die gainontzeko presoei eta ezker abertzaleari .

Carlos Iturgaitz PPko eurodiputatuaren iritziz, berriz, Pedro Sanchez presoak gerturatzen hasi da bere inbestidura babestu zuten alderdiak «saritzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna