Italiako Giroa

Arnaud Demare izan da azkarrena esprintean

Frantziako txapeldunak gutxigatik irabazi die Peter Sagani eta Davide Balleriniri Giroko laugarren etapan

Eskuinetik ezkerrera: Demare, Sagan eta Ballerini, atzoko esprintean. L.Z. / EFE.
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Arnaud Demare (FDJ) bizi ibili zen atzo Villafranca Tirrena herriko helmugan, azkarrena izan zelako esprintean, 140 kilometroko laugarren etapan. Frantziako txapeldunak hutsagatik irabazi zien Peter Sagani (Bora) eta Davide Balleriniri (Deceuninck). Bideoa erabili behar izan zuten garailea zehazteko. Demarek bigarren garaipena du Giroan; iaz lortu zuen aurrenekoa. Badu beste garaipen handi bat Italian, Milan-San Remo irabazi baitzuen 2016an. 72 garaipen dauzka profesionaletan.

Portella Mandrazzi kaskoa igo behar izan zuten 75. kilometroan, eta atzean geratu ziren Fernando Gaviria (UAE), Alvaro Hodeg (Deceuninck) eta Elia Viviani (Cofidis), Bora taldeak martxa bizia jarri zuelako igoeran. Hiru txirrindularik lehenagotik osatu zuten eguneko ihesaldia: Simon Pellaudek (Androni), Kamil Gradek (CCC) eta Marco Frapportik (Vini Zabu). Hala ere, pelotoiak kontrolpean eraman zituen, esprinterren taldeek aukera zutelako etapa irabazteko. Ihesaldian, Pellaud bakarrik geratu zen, baina hamazazpi kilometro falta zirela harrapatu zuten. Esprintean, Sagan izan zen abiatzen aurrenekoa. Hartu zuen tartetxoa, baina gainera joan zitzaizkion Demare eta Ballerini. Batera zeharkatu zuten marra, baina bideoak eman zuen epaia gero.

Sailkapen nagusian, Joao Almeidak (DQT) bi segundo sartu zizkien atzetik dituenei; 26 kilometro falta zirenean, esprint berezitik bigarren pasatu zelako. Orain, Jonathan Caicedori (EF1) bi segundo ateratzen dizkio, eta Pello Bilbaori (Bahrain), 39.

Espainiako Vueltan, berriz, ez da ikuslerik izango Arraten (1. etapa) eta Urduñan (7. etapa), COVID-19agatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.