Koronabirusa

Austriak kontra egingo dio Merkel-Macron funtsari

Bruselak ontzat jo du, baina esan du zati bat baizik ez duela jasoko, guztien babesa lortu ahal izateko

2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
BRUSELA. COVID-19aren krisi ekonomikoari aurre egiteko Frantziako eta Alemaniako gobernuek herenegun proposatutako 500.000 milioi euroko funtsa txalotu du Europako Batzordeak, baina ohartarazi du ez duela osorik bere egingo, «zati bat» jasoko duela, estatu kide guztien babesa lortu ahal izateko. Hala adierazi du Eric Mamerrek, Batzordeko eledunak: «Guztiek onartuko duten irtenbide bat nahi dugu». Gaur zortzi aurkeztuko du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, eta «zabalagoa» izango da, Batasunaren aurrekontuetan jasotzen diren beste laguntzak batzeko.

Parisek eta Berlinek proposatutako funtsa ez da iristen hegoaldeko estatuek eta Europako Parlamentuak eskatutakora, baina bete egin du haien eskaera nagusia: estatuei dirua ez iristea maileguen bidez, laguntza zuzenen bidez baizik.

Austriako kantzilerrak, ordea, Sebastian Kurtzek, halakorik ez dutela onartuko jakinarazi du. Iragarri duenez, plan alternatiboa aurkeztuko diote Angela Merkelek eta Emmanuel Macronek proposatutakoari. Plan horren funtsa da EBk banatuko duen diru guztia maileguak izatea, «zorra denen artean ez banatzeko». Herbehereetako, Danimarkako eta Suediako gobernuekin harremanetan da Kurtz, horiek baitira mailegu hutsen babesle nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.