Oiartzabal: «Inoiz ez dut esan joan nahi dudanik»

2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Mikel Oiartzabalen etorkizunak zeresana eman du denboraldi-aurrean, Manchester Cityk hura fitxatzeko asmoa zuela zabaldu baitzen. Realeko jokalaria, hala ere, «lasai» egon da. «Asko hitz egin da beste taldeekin izan ditudan harremanez, baina nik ez dut ezer esan inoiz. Lasai egon naiz. Nire helburua hemen gauzak ondo egitea besterik ez da. Jende askok nik baino informazio gehiago izan du. Nik ez nekizkien gauza batzuk ere irakurri ditut», esan zuen atzo Oiartzabalek.

Realean jarraituta atxikimendua indartu egin ote zaion galdetuta, azpimarratu zuen «lasai» duela kontzientzia. «Uda oso luzea da, eta albisteak atera behar dira. Badakit hau dena futbolaren parte dela. Ni aritu behar nuen horretan aritu naiz». Lasai egonagatik, ez du ezkutatu ez duela gustuko beraren etorkizunaren inguruko zurrumurruak behin eta berriro zabaltzea. «Ez zait gustatzen, nik hemen baitut burua. Hemen dut etxea, lagunak, familia. Inoiz ez dut esan joan nahi dudanik. Hemen egon nahi dut, eta Reala goian utzi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.